XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inguru hura izugarri gustatu zait eta ez nuke ezergatik aldatuko.

Jendearekin ondo konpontzen naiz, eta beroarekin ere ohitu naiz.

Hura da beroa, hura.

Irailean joaten naizenean 37 ampdeg;C inguru egongo dira eta urrian 45ampdeg;tara iritsiko da, baina dagoeneko ohituta nago.

ETA ZUMAIAN, ATZERRITAR SENTITZEN AL ZARA?

Ez, Zumaia nere herria delako eta Euskal Herria nere aberria.

Ni Zumaian gustora nago, nere herria da.

Nola sentituko naiz ba atzerritar Euskadin?

Ez naiz atzerritar sentitzen ez han ezta hemen ere.

Euskadi da nere lehen aberria eta Amazonas bigarrena.

NOLA IKUSTEN DUZU ORAIN EUSKAL HERRIA, HIRU URTEZ KANPOAN ZEHARO TOKI EZBERDIN BATEAN EGON ONDOREN?

Oso triste, dagoeneko jendea ez delako pertsona.

Bueno, pertsona bai, baina itxurakeria asko ikusten dut eta jendeak nork bere burua engainatzen duela ikusten dut.

Beren buruari gustora bizi direla erakutsi nahi diote eta ez da horrela.

Ezinezkoa da pertsona bat hemen gustora bizitzea dagoen esplotazioa egonda, kaka bat diren eta pertsona kontsideratu beharrean eskulantzat hartzen zaituzten nagusi horiek egonda.

Gizarteak gizatasuna kendu dio jendeari, hau da aspaldian ikusi dudan txerrikeriarik haundiena eta pena ematen dit.

Orain zoriontsua naiz garai onean alde egin nuelako, eta penetan nago hogei urte lehenago ez joan izanaz.

Orain hemen dagoen gizarte-motagatik joan nintzen eta, neurri batean, baita jendearen konformismoagatik ere.

Kontsumismoak egiten du jendea konformista, zorrez josita dago eta ez dago konformatzea beste aukerarik.

ZUMAIAN KALE ALDETIK ASKO IBILI OHI ZARA, NOLAKO GIROA NABARITU DUZU?

ASKO ALDATU AL DA HIRU URTE HAUETAN?

Nere adiskide zirenak, betiko lagunak kontsideratzen ditudanak, nere adinekoak interes propioekin ikusten ditut, akomodatuagoak: seme-alabak ere izan dituzte...

Gazte garaian zituzten ideia haiek desagertu egin dira, ez da ezer geratzen.

Jauntxoagoak dira.

Neri pena ematen dit nere lagunak direlako eta maite ditudalako, eta ez dugu gauza hauetaz hitz egiten, beste edozer gauza komentatzen dugu.

Ez zait axola, azkenean denok nahi dugunaren atzetik goaz, gero batzuek aurkitzen dute eta beste batzuek ez.

Eta gaztediari dagokionez, eta beti ere orokorrean, geure garaietako gaztedia baino okerrago ikusten dut.

Oso kolgatuta dago, kanuto gehiegi dago.

Nik kanutoak erre izan ditut eta hemen ere erretzen dut eskaintzen badidate, baina han ez.

Nere zigarroa hartzen dut, nere zerbeza, baina bestelakorik ez.

Pena ematen dit ez diedalako irteera garbirik ikusten.

Lehen lantegietan ez ginen makinak, ia familiakotzat hartzen zintuzten enpresak zeudelako, baina gaur egun gauzak asko aldatu dira.

Ez baduzu topera errenditzen kalera joan zaitezke eta gainera kontratu laburrak egiten dizkizute, hori lana ematen dizutenean.

Nere ustez gaztedi hau akabatzen ari dira.

Horrela gazteek zer egingo dute, ba porroak erre eta zerbeza edan, ezin pentsatu eta irteerarik topatu ezin.

HEMENGO BIZITZA SOZIALA ETA DIBERTITZEKO MODUA OSO ERLAZIONATUTA DAGO TABERNA GIROAREKIN ETA FESTEKIN.

HANGO JENDEA NOLA DIBERTITZEN DA?

Han ere asko gustatzen zaie edatea, baina hemen baino askoz gutxiago edaten da.

Jendea tabernara joan eta bere zerbeza hartzen du, are gehiago, botikako alkohola ere edaten dute eta botila hauei romario deitzen diete.

Indigenak bere komunitatea du eta herrian dagoena lagunarekin irtetzen da... baina taberna-giroa ez da hemen bezelakoa.

Beren txalupa hartuta Andirá ibaian zehar ere ibili ohi dira eta hondartzara ere joaten dira, herritik txalupan ordubetera egon arren.

Garbiagoa da.

Gauez ez dago girorik, baina iruditzen zait beren bizimodua dibertsio bat dela egunean zehar.

Nola ez dagoen konpromezu sendorik, nola ez den hau bezain lan-ordutegiari lotuta bizi den gizartea, nola gizarte garbiagoa, askeagoa den... iruditzen zait urte guztian zehar disfrutatzen dutela.

Inbiditan egoten naiz, alaiago bizi direla ikusten dudalako.

Dibertsioa han bizitzea da, han egotea.

Gero, hori bai, garai honetan festa bat egiten dute eta festa zoragarriak izaten dira.

Oso alaiak dira, festetan alaitasuna hemen ez bezela bizi dute.

EGIA AL DA TELEBISTA IKUSTEN ARI ZARETENEAN PALOMITAK JAN ORDEZ TXINGURRIAK JATEN DITUZUELA?

Zuriek ez dituzte jaten.

Han badago txingurri bat indigenaz sarrai izenekoa eta jangarria den txingurri-mota bakarra da. Bertako indigenen ohitura da. Etxean telebista ikusten nagoela pepitak jan beharrean sarraiak jaten ditut, piperrautsaren tankerako zapore pikantea dutenez asko gustatzen zaizkidalako.

HAN JANARIDENDA BAT DAUKAZU.

EZ AL DIZU PENARIK EMATEN ZUMAIARA ETORRI ETA ZURE FAMILIAK URTE ASKOAN EDUKI ZUEN METRO TABERNA ITXITA IKUSTEA?

EZ AL ZENUEN INOIZ PENTSATU TABERNA ZEUK HARTZEA?

Urte batzuk badira, hamabost inguru, izeko Julik Metrorekin jarraitzea nahi ote nuen galdetu zidala, baina beste kezka batzuk banituenez eta ordurako alde egitea nahi nuenez ezetz esan nion.

Orain itxita dago Metro taberna, eta nostalgiaz gogoratzen dut, baina bizitza aurrera doala ere pentsatzen duzu eta gauza bakoitzak bere momentua duela.

Orain tabernak ez luke funtzionatuko.

Ez dira urte asko herriko gazteek izeko Juli eta izeko Mikaela omendu zituztela, baina arrain haundiak txikia jaten duen momentu bat iristen da.

Orain musika topera jartzen duten tabernetara joan eta ezin duzu hitz egin; bakalao musika hori jartzen dute eta ni aluzinatuta geratzen naiz, lur jota.

Metron, gainera, ez zegoen musikarik eta ezin duzu gazte bat horrelako leku batera eraman, gindilla eta tripaki batzuk jatera, aspertu egingo litzateke.

HONA BERRIZ ITZULTZEKO IDEIA BAZTERTU AL DUZU?

Bai, bai, bai, ez naiz berriz etorriko.

Oporretara etor naiteke, orain bezela, baina hona bueltatzea, hemen bizitzea planteatzea... bihotzekoa emango lidake.

Ez nintzateke inola ere itzuliko.

Oraintxe bertan hona etortzeagatik 50 milioi eskainiko balidate, esango nieke begira, zeuentzako gorde itzazue nik han irabazten dudanarekin nahikoa baitut jan ahal izateko eta horrekin konforme naiz.

Zumaian nagoenean lagun eta ezagunekin oso gustora ibiltzen naiz, baina hemen bizitzea beste kontu bat da.

AMAZONASEN SUNTSIPEN-ARAZOA OSO GERTUTIK EZAGUTZEN DUZU.

ZER IRITZI DUZU ZUMAIAN KIROL PORTUA EGITEARI BURUZ?

Hori Zumaiaren esku dago, eta hona elikatzera datozen hegazti batzuk baldin badaude iruditzen zait paduran geratzeko eskubide osoa dutela.

Esan dizut hori herriaren esku dagoela, baina nik dagoen bezala utziko nuke padura.

Batek esan zidan Bah, hona etortzen diren lau txori horiengatik!, ba lau txori badira lau txori dira, baina utziezu etortzen, beraiena ere bada eta nahikoa lapurtu diegu lehen ere, geratzaen zaien apur hori utziezu gordetzen.